2013/10/24

Zer da android?

Telefonia mugikorrak oso modu eraginkorrean aldatu du gaur egungo gizartea, bere garaian internet-ek egin zuen moduan teknologia berri honek pertsonen ohiturak eta bizitza estiloa aldatzeko gai izan da. PC-a gure poltsikoetara eraman dugu, eta honek telekomunikazioen industrian iraultza ekarri du.

Testuinguru honetan telekomunikazio sektoreko enpresek euren produktuetarako sistema eragile eraginkorrenaren bila jo dute: sistema eragile ekonomiko eta moderno baten bila.

Android plataforma irekia da, linux kernel bat oinarritzat hartuz gailu mugikorrentzat diseinaturiko sistema eragilea da. 2007. urterarte bere existentzia ofizialki argitaratu ez zen arren, bere lehenengo urratsak 2003. urtean eman zituen Android Inc. izeneko enpresa batean Palo Alton (California). Enpresa hau Google-en laguntza ekonomikoari esker zabaldu zen eta 2005. urtean lortzen ari zirena ebaluatu ondoren erosi egin zuen.

Googleen papera gakoa da Android-en existentzian: Google-ek gailu mugikorretan bere zerbitzuak integratuko zituen sistema eragile bat behar zuen; zenbat eta pertsona gehiagok erabili bere zerbitzuak, are eta diru sarrera gehiago.

Google-ek Android-en arrakasta ziurtatzeko gailu mugikorren sektoreko hardware ekoizle batzuekin lerrokatu zituen bere helburuak, I. ilustrazioan ikus daitekeen moduan Open Hanset Alliance izeneko taldearekin. Aipatu moduan 2007. urtean eman zen argitara ofizialki Android sistema eragilea talde honen babespean.

I. Ilustrazioa: Open Hanset Alliance taldeko kideak
Google-ek sistema eragile ireki bat eskeini die hardware ekoizleei, azken hauek softwarean inbertitzen zuten kostua jeitsiz. Bestalde enpresa horiek Android euren gailuetan integratuz Googlek bere helburua betetzen du: zenbat eta mugikor gehiagotan egon Android, are eta jende gehiagok izango du bere zerbitzuak erabiltzeko aukera.

Android ARM prozesadoreetarako diseinaturik dago. Kontuan eduki behar da android eta gailu mugikorretarako diseinaturik dauden sistema eragile gehienek PC batek egin ditzakeen funtzio asko burutzeko gai izan arren, bere hardware ingurunea oso murritza dela PC-ekin konparatuz, eta arazo horri aurre egiteko ARM arkitekturetara jo behar izan dela. 80. hamarkadatik existitzen diren prozesadore mota hauek berriz ere modan ipini dira, eta oso egokiak dira gailu mugikor bat bezain leku txikian ahalmen "handiko" prozesadore bat integratzeko.

Android software libre eta open source proiektu bat da eta apache lizentzipean banatzen da. Baina debatea handia da lizentziamenduari dagokionez zeren linux kernel bat izanik nukleoan GPL lizentziaren zati bat ere baduela esan liteke. Puntu honetan interes kontrajarriek topo egiten dute: Google-ek Android apache lizentziapean banatzen badu, gailu mugikorren ekoizleek android hartu, euren ezaugarrietara moldatu eta garapena itxi dezakete, hobekuntza horietan inbertitutako dirua etxean geratuko dela bermatuz. Honek enpresentzat oso erakargarri bihurtzen du Android; bestalde, software libreko komunitateak erabaki hau kritikatzen du, argumentu nagusia Linux kernelaren erabilera eta GPL lizentziamenduak suposatzen duen banaketa askea izanik.

Era berean Google, HTC, LG eta Samsung etengabe erasotuak dira Apple, Microsoft eta Oracle-engandik.  Itxura imitazioak, merkatua monopolizatzea eta Java kodearen kopia ilegala egiteaz akusatzen diete hurrenez hurren.

Android-en bertsioek postreen izenak hartzen dituzte II. ilustrazioa ikus daitekeen moduan.

II. Ilustrazioa: Android bertsioen izenak


Oso garrantzitsua da App-ak garatzeko garaian Android bertsio erabiliena zein den jakitea. Azterketa batzuen arabera 2.3.3-2.3.7-a (Ikus III. ilustrazioa) da oraindik ere erabiliena.

III. Ilustrazioa: Android bertsioen erabileraren estadistikak
Hari honetatik jarraituz, Google-ek Android-en bertsio berri bat liberatzen duenean eta hardware ekoizleen eskuetara pasatzen da bertsio berri hori euren gailuetara prestatzeko eratzunkizuna. Honek arazo bat sortzen du, fragmentazioa deritzona: android erabiltzaileek ez dituzte sistema eragilearen eguneraketak momentu berean jasotzen, baizik eta euren gailuen ekoizleek erabakitzen dutenean.

Azterketa orokor honen ostean, onurak eta kalteak kontuan harturik, datu bat argia dago: Android mundu osoan zehar geroz eta gehiago zabaltzen ari den sistema eragilea da. Internet komunitate oso zabala du eta honek oso erakargarri bihurtzen du App-en garatzaile eta programatzaileentzat.